Skip to top of page
Baimenerako baldintzak

Hasierako prestakuntza eta etengabeko prestakuntza eman nahi duten zentroek dagokien baimena eskatu beharko dute, beraien helbideari (bakarra edo nagusia) dagokion lurraldeko garraio bulegoetan. Eskaerarekin batera honako datu hauei buruzko baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

  • Pertsona físikoa edo juridikoa diren.
  • Zentroaren funtzionamendurako gutxieneko irakasle plantilla (zerrenda, gizarte segurantzako kotizazioa eta irakasleen espezializazioa).
  • Lokal egokiak izatea (lizentzia eta planoak).
  • Praktikak egiteko behar diren ibilgailuak izatea.
  • Ikasmateriala, programa eta praktikak.

Jatorrizko agiriak eta horien kopiak aurkeztu behar dira, organo hartzaileak konpultsatu behar dituen agiriak badira. Agiriak erakunde igorleak konpultsatuak badira, ez da jatorrizkorik aurkeztu behar.

Prestakuntza zentroa izateko baimenaren eskaera egiteko bertaratu egin beharko da. Gainontzeko izapideak, internet bidez egin daitezke. Dokumentazioa zuzenean jabeak berak edo gestoria batek edo ordezkari batek aurkez dezake.

Zentro bakoitzeko baimen bat beharko da.

Ikasmateriala

Eskatzaileak egiaztatu beharko du ondorengo ikasmateriala duela gutxienez:

  • Filmak, gardenkiak, hormako laminak, panelak, maketak edo bestelako elementuak, proiektatzekoak direnak zein ez direnak (gelako edozein lekutik ikus daitezkeenak) eta ondorengo gaiekin zerikusia izango dute:
    • Zirkulazio eta garraio araudia, beren dokumentazio, seinaleak, markak eta bereizgarriak barne.
    • Zamalanak egiteko modu egokia.
    • Ibilgailuen mugimenduak.
    • Osasuna eta jokaera egokia garraioan eta larrialdietan.
    • Errepideko garraioaren lanorduen eta gidaldien eta atsedenaldien araudia.
  • Aurreko paragrafoan aipatutakoa proiektatzeko beharrezkoa den ekipoa.
  • Takografoak (analogikoa eta digitala) edo ikasleek erabili ditzaketen kontrol ekipo horien simulazio sistemak edo programak.
  • Irakaskuntzan eta lehen laguntzetako praktikan egiterakoan erabiltzeko birika-bihotz bizkortze maniki bat, ondorengoak onartzen dituena:
    • Masailezur subluxazioa.
    • Ahotik ahorako edo ahotik sudurrerako aireztapena.
    • Bihotz kanpoko masajea.
    • Arnasketa karotideo pultsuaren balorazioa.
  • Ibilgailuan eraman behar diren errepideko garraiorako dokumentazio ereduak, garraio-gutuna barne.
  • Errepideko garraio antolaketari, trafikoari, motordun ibilgailuen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko legeriaren bilduma eta baita Europan aplikagarri den araudia ere.

Zentroak ez badu manikirik eta praktikak egiteko behar den bestelako materialik, horiek dituen erakunde edo enpresa batekin hitzartu dezake praktikak egitea. Beste prestakuntza modulu batzuk ematen dituzten zentroek (salgai arriskutsuen gidariak, gidabaimenen puntuen berreskurapena, gidabaimenerako prestakuntza) araudietako baldintzak bete behar dituzte.

Baimenaren Iraupena

Foru Aldundi eskuduneko garraio zerbitzuak, zerga-egoitzaren arabera:

  • Aurkeztutako dokumentazioa egiaztatu eta gero eta instalazioak ikuskatu ondoren Sustapen Ministerioko garraiolarien eta jarduera osagarrien garraio enpresen erregistro orokorrean inskribatuko du.

Prestakuntza zentro bati emandako baimenaren baliogarritasuna eskatutako baldintzak jarraian betetzearen mende dago. Baimendutako prestakuntza zentroak behartuta daude administrazio organoek eskatutako edozein dokumentazio aurkeztera eta baita baimena ematerakoan kontuan hartutako datuetan izandako edozein aldaketaren berri ematera ere.  Zentro bakoitzak baimenaren kopia bat agerian jarriko du harrera eta informazio lekuan.